KLUBA SORTU AURRETIK
Zarauzko traineruak lehian aritu izan ziren 10. hamarkadan Kontxako Banderan, bai eta Zarautzen bertan aristokraziarentzako antolaturiko frogatan ere. 1916an hartu zuen lehenengo aldiz parte Kontxako banderan eta laugarren postua eskuratu zuen. Bi urte beranduago bigarrenak izan ziren baina ez zuten bandera herrira eraman, zigortu egin baitzuten Donostiarren trainerua jotzeagatik. 50. hamarkadan ere aritu zen Kontxan emaitza aipagarririk lortu ez zuen arren. Kluba sortu aurreko azken parte hartzea 1961ekoa izan zen.
ELKARTEAREN HASIERAKO URTEAK
Elkartea 1983an sortu zen eta 1986an izan zuen lehenengo denboraldia traineruetan. 1991ean Kontxako Banderara sailkatzea lortu zuen,
sailkapen estropadan zortzigarren gelditu arren Yola taldea (Koxtape B) kanporatua izan baitzen. 90. hamarkadan urtero atera izan du trainerua,
nahiz eta urte batzuetan arraunlari eskasia zela eta beste elkarteekin bat egin beharra izan, Oriorekin 1993an Orio B osatuz eta Getariarekin
1995ean. Garai haietan Zarauztarra izena zuen Zarautz Arraun elkarteko ontziak.
1996an Euskal Ligan sartzea lortu zuen eta ontziari izena aldatu zitzaion gaur egungo Enbata jartzeko. 11. izan zen, baina bere historiako lehenengo banderak irabazi zituen (Karmen Donostian, Koxtaperena Pasaian eta Zumaiakoa). 1997an 9. postua lortu zuen Ligan eta 1998an zazpigarrena izan zen. 1999an Euskal B Ligan aritu zen eta bertan bigarren egin zuen liga hartakoak ziren 6 bandera irabaziz. Hurrengo bi urtetan ez zuen trainerurik atera eta 2002an Ligako 20.a izan zen.
GARAI ONENAK
2003an TKE Liga sortu berritan sartzea lortu zuen Zarautzek. Ligari eustea lortu ez bazuen ere elkartearen garai onenei hasiera eman zion.
2005ean KAE Ligan bigarren eginez berriz TKEra igotzea lortu zuen. 2006an Euskadiko Trainerilla Txapelketa irabaziz hasi zuen urtea eta
trainerutan Ligan seigarren eta Kontxan laugarren egin zuen, non euskal trainerurik onena izan baitzen. 2007an Ligan bosgarren izan zen,
Zumaiako bandera irabaziz, eta Kontxan laugarren postua errepikatu zuen. Emaitza hauetaz gain Gipuzkoako txapeldunak izan ziren
zarauztarrak. 2008a ere batel eta trainerilletan gogor hasi zuten denboraldia, untzi bietan Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak irabaziz.
Ligan ere berriz bosgarrenak izan ziren baina Kontxan sartzerik ez zuten lortu. Hala ere denboraldia bikain bukatu zuten El Corte Ingles
Banderan bigarren postua lortuta.
2009an maila pixka bat jeitsi zen Ligan 8. egin baitzuten. Ziklo baten amaiera zen, denboraldi bukaeran entrenatzaileak eta hainbat arraunlarik elkartea utzi zuten eta 2010an maila galdu zuen Zarautzek. Ordutik KAE 1 mailan aritu da, baina 2013an 11. postuan gelditu eta maila galdu zuen. Hurrengo urtean KAE 2 liga irabazi zuen, zilarrezko mailarako txartela eskuratuz, 8 bandera eskuratu zituelarik.
2014a ez zen urte oparoa izan traineruagatik soilik. Gazteek ere hainbat garaipen eskuratu zituzten, besteak beste, infantil mutilen Gipuzkoako
bateletako liga edota jubenilek, bateletako denboraldia Getarian egin ostean, traineriletan lortu zituztenak: Gipuzkoako trainerila ligako lehen
postua, Gipuzkoako txapelketako bigarrena, Euskadiko ikurrina eta brontzezko domina estatuko txapelketan.
Hurrengo urteetan KAE 1 Ligako bigarren txandan aritu zen, baina 2019an denboraldiari sekulako hasiera eman eta ligako lehen estropadatik azkeneraino lidertzan egon zen Enbata, sailkapen nagusian bigarren zen Deusturi 13 puntuko aldeaz gailendu zitzaizkion zarauztarrak, denboraldiko 8 bandera eta ligako irabazleena herrira ekarriz. Play-offak jokatu eta Aresekin puntuetan berdindurik TKE Ligara igotzeko txartela eskuratu zuen.
Aurten Zarauztarrek bi ontzi uretaratuko dituzte, batek TKE ligan jardungo du eta besteak berriz KAE2an.
2021 urteko denboraldi gogorraren ondoren, pausu bat atzera egin eta KAE1 ligan jardungo gara.
Emakumeen ontziari dagokionez, aurreko urteak esperientzia artzeko izan duen balioa ikusirik, 2022. denboraldian pauso bat aurrera egitea espero dugu.
PALMARESA
(Traineruko emaitza esanguratsuenak)
KONTXAKO BANDERA:
-
Bigarrenak (1): 1918.
-
Laugarrenak (2): 2006 eta 2007.
-
Sailkatuta (3): 1991, 2006 eta 2007.
-
Zazpigarrenak (1): 1997.
TKE LIGA:
-
Seigarrenak (1): 2006.
-
Irabazitako estropadak (1): Zumaiako ikurrina (2007).
-
Txapeldunak (1): 2019.
-
Bigarrenak (1): 2005.
-
Txapeldunak (1): 2014.
GIPUZKOAKO TRAINERU TXAPELKETA:
-
Txapelduna (1): 2007.
-
Bigarrena (1): 2006.
EMAKUMEZKOEN TRAINERUA
2013an lehenengo aldiz emakumezkoen trainerua osatu zuen etxeko arraunlariez gain Tolosakoak ontziratuz. Gipuzkoako Ligan seigarren postua eskuratu zuten.
2014an Getariako Arraun Elkartearekin batera aritu ziren eta Gipuzkoako Ligan bosgarrenak izan ziren. Hurrengo urteetan ere elkarrekin jarraitu zuten eta bi bandera eskuratu zituzten 2015ean. 2016an Kontxako Banderan debuta egin eta ohorezko txandarako sailkatu ziren. Azkenean 5. postuan amaitu zuten.
2018an Tolosako Arraun Klubarekin itun bat egin zuen, zarauzko arraunlariak Tolosako traineruan ibiltzeko zarauztarren Enbata trainerua erabiliz.
Zortzi urte izan ziren zarauztarren emakumezkoen trainerurik gabe. 2021. urtean ordea, azken uteetan harrobiko neskak kanpoko klubetan sakabanatuta egon ondoren, batzuen itzulera eta jende berriaren etorrera dela eta, zarauztarrek berriz uretaratuko dute emakumezkoen "Enbata".